XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztetan ikaragarria zen apostuak egiten.

Berdin zitzaion zertan edo norekin, baina, apostua.

Juantxok egiten zituen apostuak jokatu egiten ziren, apostu kontutan ez zuen bromarik onartzen.

Behin desafioa bota ezkero, ez zuen atzera egingo, ez.

Terrenu horretan, Juantxoren hitzak ez zituen haizeak eramaten.

Klase guztietakoak baditu eginak: korrika, harrijasotzen, segan, gizon bat bizkarrean eramaten, hortzekin balde-ura eramaten, zaku-garraio, pultsoak egiten, intxaurrak buruz hausten, aizkoran, asto-karrerak, aharijokoak...

Galdu ere egiten zituen, baina, gehienetan irabazi.

Itxuraz eta tailaz ez zen gizon izugarria, baina bizia eta azkarra, ez indartsuegia, baina, bizkorra.

Behin, sasoirik onena pasata gainera, bete-bete eginda zegoela, korrika apostu bat egin zuen, eta segidan jokatzekotan gainera.

Aurrez-aurre, Kateko topo-estazioan lan egiten zuen gizon bat.

Juantxo baino gaztexeago batetik, eta bere aldean arinago eta freskoago, egun horretan behintzat, bestetik.

Aurpegiz ezpata baino zorrotzagoa.

Lau ile tenteka, atzerantz orraztuak eta sudurra berriz hasi eta bukatzen ez den horietakoa; sagar biltzeko kizkitarako*kizkia: sagarrak lurretik biltzeko erreminta edo tresna. Iltze bat, makila baten muturrean josita ere balioko lukeena.

Bizkar, gerri eta ipurdi, akuiluaren pareko, eta lepoa oraindik ere meheagoa.

Hankak berriz zer esanik ez, bi zurkaitz-makila galtzetan nahiko lekuarekin.

Bere izenik ez genekien, Ezkalua ezizenez ezagutzen genuela bai.

Juantxo, ez pentsa Ezkaluaren itxuran eta korrikarako berekiko zeuzkan abantaila nabarmenetan erreparatu ere egin zenik.

Hark, lehenengo desafioa bota aurrean jartzen zitzaionari, eta gero gerokoak.

Ezkaluak azkar eta pozik hartu ere.

Nola ez, erdi-mozkorturik zegoen bati.

Paperezko bi hogei durokoak juezetarako hartu zutenari eman eta han sartu ziren biak kotxe berean.